AEDko aitzindariek hasieratik izan zuten garbi elkartearen zereginetako bat jendartean eragitea izan behar zela, arrasatear guztien eta berariaz euskaldunen kontzientziak astintzea eta ekinean jartzea, nork bere apurra jarriz, nork bere inguruan euskarari lehentasuna emanez, herri mailan euskararen presentzia bultzatzeko. Azken batean, AEDren lana biderkatzailea izatea. Sortuz geroztik, hainbat lantalderen bitartez gauzatu da AEDren sentiberatze edo eragite lana. Historikoki, Kanpo Harreman Taldea eta Euskalan izan dira nagusienak. Gaur egun, Bultza taldeak eta Eragin taldeak dihardute jardunean, lehenak herriko erakundeetan – elkarte gastronomikoak, kirol taldeak…) euskararen erabilera sustatzen eta, bigarrenak, berriz, herriko euskaldunak oro har kontzientziatu eta aktibatzeko.
Horrez gainera, Gazte sailetik ere, hainbat ekimen bultzatzen ditugu berariaz gazteen hizkuntza jarrera eta portaeran eragiteko.