Zahar berri mintzapraktika programa 1998an jarri genuen abian AED, Erdu-AEK eta Arrasateko Udal Euskaltegiaren arteko elkarlanean. Bere helburua euskaldun berriei eskolaz kanpo euskaraz egiteko guneak eta uneak eskaintzea da.

Izan ere, kanpaina ugari egiten da urtero jendea euskalduntzeko eta ehunka lagun matrikulatzen dira euskaltegietan. Baina euskalduntze prozesua hasi eta arrakastaz amaitzen dutenak ez dira hainbeste, are gutxiago eguneroko bizitzan eskolan ikasitakoa praktikara eramaten dutenak, batez ere euren ingurune hurbilean horretarako aukerarik ez dutelako. Ondorioz, urtetan euskara ikasten aritutako askok porrot egiten dute euskalduntzeko ahaleginean ikasitakoa erabiltzeko aukera falta hutsagatik.

Bestalde, euskara etxean jaso dutenen artean ere motibazioa landu beharra dago, hizkuntza erabiltzeari ez diezaioten uko egin eta euskaldun gisa erdaldunen euskalduntze prozesuan daukaten erantzukizuna aitor dezaten. Izan ere, EUSTATek emandako 2006ko datuen arabera, arrasatearren %55 da euskalduna, baina kaleko erabilera %30 inguruan dabil azkeneko hamar urteetan gorabehera handirik gabe.

Beraz, pentsatzekoa da, Arrasateko euskaldunek kalean euskara euren gaitasunaren maila berean erabiliko balute euskalduntze prozesuan daudenek ere, aukera gehiago izateaz aparte, jarrera kontzienteagoz saiatuko liratekeela euskaraz mintzatzen.    

Zahar Berrin, beraz, aipatu bi kolektiboekin lan egiten dugu.  Euskaldun berriekin, euskaraz egiteko eta bizitzeko aukerak emanez, eta euskaldun zaharrekin, euren hizkuntza jarrera, ohitura eta inplikazioan eraginez. Beste era batera esanda, Zahar Berrik euskaltegi eta ikastetxeetan jendea euskalduntzeko egiten den lan eskerga osatzen du, eskolaz kanpoko aisialdi ekintzak antolatuz eta euskaldun berriak euskal kulturaren unibertsora erakarriz. 

Helburu horretan ezinbesteko aliatu ditugu euskara ama-hizkuntzatzat jaso zuten boluntarioak. Izan ere, euskaldun zahar horiek dira egitasmoaren akuilu nagusia, euskaldun berri jakin batzuei une puntual baten euskaraz praktikatzen laguntzeaz aparte, euskararen aldeko jarrera aktibo eta gozagarria erakusten dutelako herriko beste euskaldunen aurrean ere.

Zahar-Berri

Loading script and Flickr images

BILATZAILEA

EGUTEGIA

TTAK GAZTE TALDEA


BUAH TXABAL!

JAZTEN ALDIZKARIA

25 URTE ARRASATE EUSKALDUNTZEN!

HIZKUNTZA ESKUBIDEN URRAKETAK


SARE SOZIALAK